Zehaztasun gutxi, arrisku ugari

Egiturakoak ez diren behin behineko kontratuetan euskararen ezagutza eskatzearen inguruan Osakidetzako zuzendaritzak eman asmo zuen atzerapausoa salatu genuen duela aste batzuk. LAB sindikatuak egindako borrokaren ondorioz, eta euskararen aldeko beste zenbait eragilek ere Osakidetza interpelatu ondoren, Osakidetzako zuzendaritzak bere proposamena egokitu behar izan du, Osakidetzako Euskara Normalizatzeko Planean bigarren lehentasunezkotzat izendatzen diren unitateetan ere zenbait kasutan euskararen ezagutza beharrezkoa izango dela jasoz beraien azken proposamenean.

Zoritxarrez, Osakidetzaren azken proposamen hau, aurrepausoa den arren, ezin dugu ontzat eman. Horrela adierazi diogu Osakidetzari, eta proposamenak dituen hainbat hutsune konpontzeko alegazioak igorri dizkiogu.

Hauek dira, gure ustez, zuzendu beharrekoak:

  • “Se velará” hitzak ez du ezer bermatzen, modu argiagoan zehaztu behar da.
  • Garbi adierazi behar da behin behineko kontratazioak egin ondoren Euskara Planean zehazten diren minimoetara iristen dela zainduko dela. Kontratazioak egin aurretik iristen dela kontutan hartzeak ez da nahikoa, behin behineko kontratazioen ondorioz minimo horien azpitik, hutsean ere kasuren batean, gera bait daiteke bestela zerbitzuko langileen euskara ezagutze porzentaia. Eta Osakidetzako azken proposamen hau bere hortan onartzen bada, aipatzen dugun zehaztasun hau txertatu gabe, Pertsonal eta kontratazio sailen egoera eta borondatea ezaguturik ziur gaude arrisku hori gauzatu egingo dela.
  • Behin behineko kontratazioak egiterakoan kontutan hartuko da zerbitzu bakoitzean lortutako langileen euskara egiaztatze portzentaian ez dela atzera egiten. Gainontzean, adibidez, zerbitzu batetan langileen %100ak badu euskararen ezagutza, eta hortaz lana eta zerbitzua euskaraz eskaintzeari dagokionez aurrerapen handia egin, Euskara Planean zerbitzu hortarako ezartzen den minimoa %50ekoa bada, minimoetatik gora egotearen “koltxoi” hori baliatuaz opor garaietan adibidez behin behineko kontratazioak erabili ahalko lirateke euskara eskakizuna ezarria duten lanpostuetako hutsuneak betetzeko.
  • Beharrezkoa deritzogu Euskara Planean gai honi buruz zehazten den “oro har euskararen ezagutza lehenetsiko da” jasotzea proposamenean. Hau da, kontratazioa egiterakoan zerbitzuko euskara ezagutzaren inguruko portzentai edota indizeen inguruko datu zehatzen faltan, edota portzentai horien inguruko zalantzak izatekotan, kasu horietan lehenesten den aukera euskaradun langilea kontratatzea izatea, eta ez alderantziz.

Ikusteko dago ea Osakidetzak zer erantzun ematen dien gure eskakizunei. Aurreko idatzietan adierazi dugunez, Osakidetzak hilabete hauetan egindako proposamenak, hemen agertzen duguna ere, Euskara Planean ezartzen denaren behetik daude, bai eta duela urte batzuk Osakidetzak egindako proposamenetatik behera ere. Gure ustez, gutxien gutxienik beraien azken proposamenak dituen zehazgabetasunak konpondu beharko lirateke.

Gai honekin lotuta, gure ustez larria den jarrera baten berri eman nahi dugu: Martxoaren 24ko Mahai Sektorialean, sindikatuok Osakidetzako zuzendaritzarekin gai hau eztabaidatu genuen. Sindikatuok kontratazio akordioaren inguruko ekarpenak egiteko txanda izan genuenean, bereziki deigarria eta larria iruditu zitzaizkigun SATSE sindikatuko ordezkariaren eskaerak. Osakidetzak planteatzen dituen aurrerapauso urrien aurka egin zuen, eta estrukturalak ez diren lanpostuetako ordezkapenetan euskara inoiz ez izatea beharrezkoa eskatu zuen. Hau da, ez 1. lehentasunezko lanpostuetan eta ezta 2. lehentasunezkoetan ere. 

Hauek izan ziren SATSEren adierazpen eta eskaerak:

“En cuanto a la situaciones especificas para la cobertura de puestos con Fecha de Preceptividad vencida, queremos remarcar que el conocimiento del euskera vendrá determinado para los puestos con Fecha de Preceptividad vencida que formen parte de la plantilla estructural. Por tanto, todo lo no estructural y de carácter eventual no puede llevar la exigencia del perfil de ningún modo, independientemente de la naturaleza de  la unidad que motive la contratación y la zona sociolinguística”

SATSE sindikatuaren eskaera honek suposatzen du, besteak beste, erabat euskaldunak diren herrietako informazio guneetan, medikuntza, erizaintza, pediatria unitateetan ere, eta nahiz eta unitate horietako gehienetan lanpostuen %100ak euskara eskakizuna ezarria izan, euskararen ezagutza ez egotea bermatuta behin behineko kontratazioetan.

LAB sindikatuan kezkatuta gaude ematen ari diren  euskararen kontrako jarrera hauekin. Zoritxarrez, jakitun gara beste zenbait sindikatu ere, nahiz eta ez duten hain agerian adierazi, euskararen normalizazioa lortzeko neurriak ezartzearen aurkako presioa egiten aritzen direla.

LABen ustez, bada garaia euskarari dagokionez anbizioz jokatzeko, etorkizunari begira. Osakidetzako langileok euskaraz lan egiteko eskubidea dugu, eta erabiltzaileok, euskaraz artatuak izateko.  Eta Osakidetzako langileen behin-behineko kontratazioan euskara aintzat ez hartzea eskatzen duten jarrera hauek gure ustez eskubide hauek guztiak urratu baino ez ditu egiten.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s