Zuzendaritzako kideak ez dira agertu Osakidetzako Euskara Batzordera

que_es_osakidetzaGaur, urriak 9, Osakidetzako Euskara Batzordearen bileratik altza gara bertan ginen sindikatu guztiok. Osakidetzako arduradun politikorik ez da agertu Batzordera, inor, beste hitzordu garrantzitsuagoak zituztela eta, omen. Euskara Teknikaria bakarrik bidali dute.

Aurten bi Euskara Batzorde korporatibo deitu ditu Osakidetzak. Aurrekoan, dokumentazioa, (tarteko ebaluazioaren emaitza) soilik egun bat lehenago igorri zigun sindikatuoi eta bilera modu horretan antolatzeari erantzun asmoz LAB sindikatuak planto egin zuen, ez zuen Batzordean parte hartu. Gaurkoan arduradun politikorik ez da agertu eta, egoera horren aurrean, sindikatu guztiok altza egin gara bileratik. Euskara Batzordea berriz antolatzea eskatu dugu, behar den moduan. Dokumentazioa aurretik igorrita eta Euskara Planaren arduradunak diren zuzendari politikoen partehartzearekin.

Horrela daude gauzak Osakidetzan euskarari dagokionez. Euskararen aldeko adierazpen eta agerpenak bai egiten dituzte arduradunek, baina egunerokoan garbi garbi ikusten da, bai ospitaletan ta bai Zuzendaritza Nagusian, euskararen gaia beraientzat ez dela inondik ere lehentasunezkoa.

Osasungintzan euskaraz lan egin eta zerbitzua ematearen eskubidearen aldeko bidean LAB sindikatuak ez du onartuko euskara gutxiesten dituzten jokamoldeak, are gutxiago Zuzendaritza Nagusiko kideen aldetik.

Advertisements

Hernaniko anbulategiko burua izateko euskararen ezagutza ez da beharrezkoa izango!

180801_L_DESIG_JUAP_AT_PRIM_HERNANI_OSI_DONOSTIALDEA_e.JPGHERNANIKO OSASUN ETXEKO BURUA aukeratzeko deialdia egin du Osakidetzak. Bete beharreko baldintzak: Medikuntza edota Erizaintza titulazioa, 4 urteko esperientzia… baina EUSKARA JAKITEA EZ DA BEHARREZKOA IZANGO (2 Hizkuntz Eskakizuna “Derrigortasun Datarik gabe”, alegia, euskara jakiteak puntu batzuk ematen ditu baina ez da bete beharreko baldintza).
Jaun-andreok, honela gaude!

Osakidetzan EPEa euskaraz egiteko aukera bai, baina aukera berdintasunean?

Zergatik azken urteetan ikasketak, osasun arloko ikasketak ere, euskaraz egin dituzten milaka eta milaka lagunetako gehienek Osakidetzako Enplegu Publiko eskaintzan azterketa gazteleraz egitea erabaki dute? Aukera eta erraztasun berdintasunik ba al dago azterketa gazteleraz zein euskaraz egiteko? Bistan da ezetz. LAB sindikatuak Enplegu Publiko Eskaintza euskaraz egitea erabaki duen Mikel Legarreta erizainarengana (@JediTxikia Twitterren) jo du prozesua zuzen zuzenean bizi izan duen pertsona baten testigantza jasotzeko asmoz. Hitz gutxitan egoeraren gordintasuna azaldu digu. Eskerrik asko Mikel zure koherentziagatik eta egoera hain garbi azaltzeagatik. Irakurtzen jarraitu

Lea Artibai eskualdeko herritar gehienek euskara aukeratzen dute osasun zerbitzuetan

lea artibai habla euskera.jpg

Jakina da El Correo egunkaria ez dela euskararen aldeko sutsuenetakoa, nolabait esatearren. Hala ere, egunkari horretako artikulu honetan jakitera ematen dute, Osakidetzaren txosten batean oinarrituta, Lea Artibai eskualdeko herritar gehienek  osasun zerbitzuak euskaraz jasotzeko nahia eta beharra dutela. Langile eta erabiltzaileen eskubidea izateaz gain, kalitatezko osasungintzaren osagaietako bat da zerbitzua erabiltzaileak aukeratzen duen hizkuntzan ematea.

Osasun Saila: “Gaur eta hemen, ez dago erabaki finkorik OSATEKeko langileek izan beharreko hizkuntza mailari buruz”

Osatek HE erantzuna

Osasun Sailaren erantzuna ( https://www.irekia.euskadi.eus/…/2685-osartek-hizkuntz-eska… ) Osatek-eko Hizkuntz Eskakizunen inguruan:
“Gaur eta hemen, ez dago erabaki finkorik OSATEKeko langileek izan beharreko hizkuntza mailari buruz”.

2018. urtean, eta oraindik horrela. Garbi geratzen da, gaur eta hemen, euskarari zer garrantzi ematen dioten…

Bide batez, aipagarria da erantzunean ezer ez aipatzea galderan azaltzen den gertaeraren inguruan (Osatek-eko gerentziak eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak landutako proposamena, Hizkuntz Eskakizunen ingurukoa, atzera bota zuela Osasun Sailak). Gardentasuna guztiaren gainetik, bai jauna.

[Osatek, irudiaren bidezko diagnostikoak egiten dituen Osasun Sailaren menpeko Eusko Jaurlaritzaren sozietate publikoa da ]