ADI! Osakidetzaren Kontratazio Akordio berriaren proposamena: EUSKARARENTZAT ATZERAPAUSO LARRIA!

Ospitaleetan, besteak beste, euskararen normalizaziorako lehentasunezkoak jotzen diren lehentasunezko unitate gehienetan aurrerantzean Osakidetzak ez du euskararen ezagutza eskatu nahi behin-behineko kontratuetan.

Osakidetzan euskara eskakizunak egiturako lanpostuei ezartzen zaie, eta egiturako lanpostuak betetzeko EZ diren “errefuertzo” kontratazio “ebentualak” (“behin-behinekoak” ere deituak) ez daudenez hoiei lotuak, ez da euskararen ezagutzarik eskatu izan kontratu “ebentual” horiek betetzeko.

Egoera horrek sekulako ondorio kaltegarriak sortu izan ditu euskarari dagokionez. Adibidez, euskara eskakizuna ezarria zuten lanpostuak bete izan dira euskaraz ez zekiten langileekin, edozein zelarik ere zerbitzua: pediatria, informazio guneak… Orokorrean, hizkuntza eskakizuna ezarria duten lanpostu desberdinetako hutsuneak betetzeko ere baliatu izan direnez kontratu “ebentual” hauek, opor garaietan zerbitzu batetako hutsuneak betetzeko adibidez, kontratazio hauetan ez da euskara eskakizunik eskatu.

Egoera konpondu asmoz, 2013. urtean Eusko Legebiltzarrak, EAJ eta EHBilduk adostutako proposamena medio, Osakidetzari eskatu zion euskarari dagokionez, lehentasunezkoak diren zerbitzuetako kontratazio ebentualetan oro har euskararen ezagutza lehenestea.

2013ko II. Euskara Planak eskaera hau jaso zuen bere 5.4.g puntuan, honakoa zehaztuz: “Lehentasunezko unitateetako behin-behineko kontratazioan, oro har euskararen ezagutza lehenetsiko da, betiere herritarraren asistentzia bermaturik. Kontratazio-irizpide horri buruzko xehetasunak Osakidetzako Mahai Sektorialaren Kontratazio Akordioan zehaztu eta aratuko dira, Plana onartu eta ondoko hilabeteetan.”

___________________________________________________________________

Zer dira “Lehentasun mailak”?

Euskara Planean unitateak 3 mailatan banatzen dira:

  • 1. Lehentasuna (edo Lehentasun gorena): Pediatria, informazio guneak, herri erabat euskaldunetako zerbitzuak…
  • 2. Lehentasunezko unitateak: Osakidetzako unitate gehienak.
  • 3. Lehentasunezko unitateak (edota Lehentasunik gabe): Osasun Espezialitate unitateak + mantenua, sukaldea, etabar.

Osakidetzako Lehentasunezko unitateen artean gehien gehienak II. unitate motakoak dira.

Hortaz, azpimarratu behar da, eta Osakidetzako Euskara Planean egiten den banaketaren arabera, Lehentasun goreneko I unitateez gain II. lehentasunezkoak ere “LEHENTASUNEZKO UNITATEAK” direla.

___________________________________________________________________

2014. urtean Osakidetzak Euskara Planean kontratazio ebentualetaz ezartzen zuena Kontratazio Akordioan txertatzeko proposamena egin zuen. Honen arabera, I. Lehentasunezko unitate guztietan eta II. Lehentasunezko gehienetan euskararen ezagutza lehenetsiko litzateke. Proposamen honek ez zuen adostasunik bildu eta ez zen onartua izan.

2016. urtean Osakidetzak beste proposamen bat egin zuen, kontratu ebentualetan progresiboki euskararen ezagutza lehenesteko kronograma batekin: 2019. urtetik aurrera euskararen ezagutza lehenitsiko litzateke I. eta II. lehentasunezko UNITATE GUZTIETAN. Proposamen hau ere ez zen izan onartua.

Araudi hutsuneak sortzen zituen arazo eta kexen aurrean Osakidetzak jardun-irizpide batzuk onartu zituen 2017an. Euskara Planean ezarritakoa betez Kontratazio Akordio berria lortu bitartean behin behinean gutxieneko irizpide batzuk ezartzen ziren bertan. Irizpide hauen arabera euskararen ezagutza lehenetsi behar da I. Lehentasun unitate guztietan, eta baita II. Lehentasunezkoetan ere, unitatearen hizkuntz egoeraren arabera.

Orain, 2021an, Osakidetzaren II. Euskara Planak, eta aurretik Eusko Legebiltzarrak, kontratazio ebentualetan oro har euskararen ezagutza eskatu behar dela ezarri eta 8 urtetara, Osakidetzaren III. Euskara Plana idatzi eta aurrerapausoak eman beharreko unean gaudenean, Osakidetzak Kontratazio Akordio berrirako proposamena aurkeztu die sindikatuei. Proposamen honen arabera euskara kontratazio ebentualetan kasu gutxi batzuetan soilik izango da beharrezkoa, I. lehentasun unitateetako kontratazioetan soilik. Hau ezartzen du zehazki:

En los nombramientos eventuales destinados a la prestacion de servicios en la Unidades tipificadas como de prioridad I segun el Plan de Euskera vigente, se dara prioridad a las personas aspirantes que tengan acreditado el correspondiente perfil linguístico hasta que se alcance el porcentaje establecido en el citado Plan de Euskera”.

Osakidetzako zuzendaritzak onartu nahi duen Kontratazio Akordio berri honen arabera, adibidez, Hernani eta Ordiziako osasun zentroetako edota Donostia ospitaleko langileen kontratazioetarako egindako kontratu “ebentualetan” oro har ez litzateke euskararen ezagutza lehenetsiko, kasu isolatu batzutan soilik eskatuko litzateke (informazio guneetan eta pediatriako zenbait lanpostutan soilik).

Azpimarratu behar da kontratazio “ebentual” hauek milaka eta milaka egiten direla urtean Osakidetzan. Sarritan hilabete luzeetako iraupena dute kontratu hauek, langile desberdinen oporraldiak kubritzeko, etabar. Milaka kasutan kontratazio ebentual hauek egiturazkoak izan beharko liratekeen lanpostuak betetzeko erabiltzen dira, eta langile berdina urte luzez egon daiteke lanpostu horretan, aldiro-aldiro luzatzen dioten kontratu ebentualen bidez. Ondorioz, Osakidetzako zuzendaritzak Kontratazio Akordio berriaren bidez kontratazio hauetan oro har euskararen ezagutza ez eskatzeak ondorio larriak izango ditu Osakidetzako euskararen normalizazio prozesuan. 

LAB sindikatuak Osakidetzako Giza Baliabideetako zuzendaritzari alegazioak igorri dizkio, txosten honetan agertzen diren azalpen guztiekin, eskatuz Euskara Planean ezartzen dena bete dezan eta adieraziz erabat onartezina dela atzerapausoak ematea euskarari dagokionez (are gutxiago maila honetako atzerapauso larria). Zoritxarrez, Osakidetzako zuzendaritzak ez die inolako jaramonik egin alegazio hauei.

Laburbiltzen, Osakidetzak ezarri nahi duen Kontratazio Akordio berriak muzin egiten dio kontratazio ebentualetan euskararen ezagutza aintzat hartzeko herritarren, Arartekoaren eta Eusko Legebiltzarraren eskaerei, Euskara Planean ezarritakoa urratu egiten du, eta gaur egun kontratazio ebentualetan euskara eskatzearen inguruan indarrean dauden irizpideekiko atzerapauso handia da.

Hurrengo laukietan ikus daiteke Kontratazio Akordio berrian kontratazio ebentualetan euskara eskatzearen inguruan ezartzen dena aplikatzeak zein ondorio izango lituzkeen Lehen Arretan, Ospitaleetako zerbitzuetan eta Unitate Administratiboetan. Berdez agertzen diren unitateetan euskararen ezagutza eskatuko litzateke, gorriz daudenetan ez.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s